XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta gainera, ez nuen besterik merezi inoren kontutan sartzen ibiltzeagatik.

Ritak eman al zidan, bada, bere filma ikusteko sarrerarik?

Zein eskubide neukan berak esan gabeko ezer jakiteko?

Ongi merezia neukan gertatutakoa baina, hala ere, une batez zentzu guztiak galduta geratu nintzen.

Karranpa handi batek jota bezala, geldirik, itsu, gor eta mutu.

Mina handiegia denean, haseran ez da ezer sumatzen baina jakinekoa da, min hori berori, hortzak ederki zorroztuta itzuliko dela minutu bat beranduago hortzaka egitera.

Zetorkidanerako prestatzen ari nintzen paralisi hartan babestuta, baina, egia, ez zidan deusetarako balio izan, gertaeraz jabetu nintzenean, alkandora zahar baten tarratadak pitzatu baitzidan arima eta kristal hautsien eztenkadek erre baitzidaten barrua.

Faxaren lerro batzuk beherago, azkenengoan, Ritak eta Hansek elkarrekin zuten semearen izena zetorren: Vladimir. Vladimir Lauer Zabaleta pentsatu nuen nirekiko, eta ordenagailua amatatu egin nuen gehiago ezer irakurri eta pentsatu ezinda.

Trenak zapaldutako zapua nintzen.

Azala eta odola baizik ez zitzaidan geratzen baina, hala ere, desagertutako gorpuzki guztietan min ikaragarria sentitzen nuen.

Bi malko isurtzeko adina gizontasunik atera nuen nonbaitetik eta, inoiz ez bezala, errukitu egin nintzen nire buruaz.

Halako zorigaitzik ez duela inork sekula ezagutu iruditu zitzaidan une batean eta pena ikaragarria eman zidan Simon Azkue zein zegoen birrinduta ikusteak.

Batez ere, ondoren etorriko zitzaizkidan pentsamendu ilunek izutzen ninduten, neure buruan ate joka etorriko ziren sentipen borrero jasangaitz eta ezagun haiek.

Zela edo hala bulegotik irteten asmatu nuenean, beti zabalik dagoen denda horietako batean, vodka botila bat erosi nuen etxerako bidean, nire ohitura, iritzi eta erabaki guztiei kontra eginez.

Aspaldi ez bezala, mozkortu egingo nintzen gau hartan, bakar bakarrik, nola satorra bere zuloan.